Vista Alegre Baserria Ontziak eztabaidagai
Menu nagusia










Ontziak eztabaidagai

Ontzien eztabaidaren muina, funtsean, esnea, jogurta eta gaztak saltzeko modua da. Vista Alegre baserriaren aukera izan da bere jogurtak beirazko ontzitan, esne eta gazta freskoa PET edo PEBD plastikozko ontzitan eta gazta samur, findu eta onduak elikadura-paperez bilduta saltzea. Era berean, hainbat tamainatako ontziak aukeratu dira. Zergatik?

 


1. Beirazko edo plastikozko ontziak?

2. PET eta DGPE plastikoak

3. Ondorioak

4. Birziklatua ebaluatzeko gakoak

5. Zein ontzi neurri edo edukiera?

6. Vista Alegre baserriak eskaintzen dituen ontzi mota eta neurriak




1-
Beirazko edo plastikozko ontziak?

Esnea, gazta freskoa eta jogurta saltzeko ontziak erabiltzea ezinbestekoa da. Zein ontzi mota eta zein tamainatakoa erabakitzeko garaian, hainbat elementu hartu behar dira kontuan:

•    Ontziaren osasun-kalitatea: bizigabea izatea, edukiari edo inguruari osagaiak transferitzeko arriskurik gabea eta ahalik eta pisu gutxien izatea, pertsona kontsumitzaileek erraz garraiatzeko moduan.

•    Ekoizpen, garraio, berrerabilera edo birziklapen aldetik ahalik eta eragin txikiena izatea ingurumenean: lehengaiak, energia-kostuak, birziklatzen errazak izatea...  

•    Ontziaren kostua, edukierari dagokionez (ontzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta lehengai eta energia gutxiago gastatzen da ontziratutako produktu unitate bakoitzeko)

Esnea, jogurta eta gazta freskoa saltzeko plastikoa eta beira aukeratu dira Vista Alegre baserrian (kartoi-papera eta tetrabrika baztertu dira hainbat arrazoi direla medio). Bi materialon abantailak eta eragozpenak aztertuko ditugu jarraian:


Beira

Beirak lehengai ez berriztagarriak erabiltzen ditu: %70 silize-hondar (silizio bioxidoa edo SiO2), %20 sodio karbonato (NaCO3) hondarra urtzeko eta %10 inguru kareharri (kaltzio karbonatoa edo CaCO3). Beirak magnesio oxido (MgO), ferriko oxido (Fe2O3) edo sufre oxido (SO3) kopuru txikiak izan ditzake, kareharriaren eta hondarraren ezpurutasunak direla eta. Hondarra eta kareharria kostu gutxikoak eta ugariak dira, soda kaustikoa, aldiz, ez da oso ugaria eta garestiagoa da, baina gatzetik abiatuta lor daiteke. Halaber, beira egin daiteke beira-hondakina erabilita (birziklatua).

Beiraren fabrikazioa historia luzea duen (milurtekoak) prozesua da eta denborarekin batera aldatuz joan da.

Beirak energia kopuru handia behar du bere fabrikazioan: hondarra 1.500ºC-tan berotu behar da urtu dadin.

Beira produktuen zaporean edo kalitatean eta ontzia inguratzen duen giroan batere eraginik ez duen material bizigabea da. Baieztapen hau erabatekoa da, eta PET plastikoarekiko bereizten du.
Beiraren bi abantaila handi dira birziklatu daitekeela, baita etengabe birziklatu ere, eta beira birziklatuaren ekoizpenak sortzen dituen ingurumenarekiko kalteak urriagoak direla, beira berriaren fabrikazioaren aldean:

•    Beira %100 birziklagarria da, eta behin eta berriz birzikla daiteke, mugarik gabe
•    Birziklatzean ez du propietaterik galtzen
•    Birziklatzean %25-32 energia aurrezten da beira berriaren manufakturaren aldean, beira tenperatura baxuagoan urtzen baita
•    Energia aurrezten denez, airearen kutsadura murriztu egiten da
•    Birziklatzean zabortegietan zabor gehiago pilatzea saihesten da: 3.000 botila birziklatzeak, zabortegietan tona bat hondakin gutxiago egotea dakar
•    3.000 botila birziklatzean tona bat lehengai baino gehiago erauztea saihesten da
•    Beira fabrikatzeko %50 material birziklatu eta %50 lehengai erabilita, normalean erabiltzen dena baino %50 ur gutxiago erabiliko da

Tona bat beiraren ekoizpena:

Beira berria Beira birziklatua
Lehengaiak    1200kg: %70 hondar 100kg beira txikitu
%20 soda
%10 kareharri
Energia   
Fusioa 1500ºC-tan 
Fusioa 900ºC-tan



Birziklatze prozesuan beira moten bereizketa eta sailkapena egin behar da, materia arrotz guztia (tapoiak, etiketak...) bereizi behar da, beira txikitu eta gerora hondarrarekin, sodio hidroxidoarekin eta kareharriarekin urtu.

Beira nahi adina aldiz berrerabil daiteke, baina ur eta detergente kopuru handiak behar dira horretarako, ura kutsatu egiten da eta energia kontsumitzen da.

Esnea eta esnekiak ontziratzeko aukera gisa, beiraren bi desabantaila handi aipatu behar dira:

•    Ontziratzeko material astuna da, nahiz eta azken 15 urteetan kristalezko botilen pisua %40 jaitsi den. Gaur egun, beirazko litro bateko botilaren pisua 380g. ingurukoa da. Beiraren pisu handiak dakarrena zera da: litro bateko botila bat garraiatzeko, adibidez, PET plastikoa bezalako ontzi arinagoetarako baino energia gehiago erabili behar dela ontzi unitate bakoitzeko. Zama hori, halaber, desabantaila handia da erosketak etxera eskuz eramaten dituzten pertsona kontsumitzaileentzat.

•    Beira oso material hauskorra da.

Horretaz guztiaz gain, aipatu behar da beira naturan ez dela degradatzen, beste material batzuekiko marruskadurak eragindako higadura mailakatuaren eraginez ez bada (ur korronteetan, esaterako).

Aurkibidea

 



2- PET eta DGPE plastikoak:

Plastikoak lehengai ez-berriztagarria erabiltzen du, etorkizunean gero eta urriagoa izango dena: petrolioaren eratorria da. Plastikoa, oro har, polimerizazio fenomenoaren bitartez lortutako material sintetikoa da. Hala, sustantzia kimiko sintetikoak dira polimeroak, egitura makromolekularra dutenak eta beroarekin edo presioarekin moldea daitezkeenak; karbonoa da euren osagai nagusia.

PET plastikoa, zehazki, polietileno tereftalato bat da, azido tereftalatikoaren eta etilenglikolaren arteko polimerizazio prozesuaren bitartez lortutako polimeroa. 1941ean ekoitzi zen lehen aldiz eta 1976an hasi zen ontzi gogorretan erabiltzen. DGPE densitate gutxiko polietileno bat da.

PET plastikoak hainbat abantaila ditu esnea eta esnekiak ontziratzeko garaian:
•    Gardentasun handia dauka, produktua ongi ikusteko moduan
•    Higadura eta korrosioarekiko erresistentzia handia dauka
•    Erresistentzia termiko eta kimiko ona dauka
•    Arina da; PET plastikozko litro bateko botila ez da iristen 40g-ra. Gaur egun, litro eta erdiko PET plastikozko botilak orain dela 15 urte baino %28 gutxiago pisatzen du. DGPE plastikozko litro bateko boltsak 15g pisatzen du.
•    Apurtezina da

Bestalde, plastikoa ekoizteko behar den energia beste edozein ontzitarako behar dena baino txikiagoa da.

PET eta DGPE plastikoak birziklagarriak dira, baina birziklatze mekanikotik eratorritako plastikoa ez da elikagaiak eta edariak berriz ontziratzeko erabiltzen, nagusiki osasun betebeharrak direla eta, kutsakorrak izan daitezkeen elementuak ontzitik edukira migra ez daitezen. PET eta DGPE plastikoen berrerabilerarik ez da egiten elikagaien eta edarien ontzietarako.

(DBPE)    

 

Plastikoaren desabantaila gisa, honakoak ditugu:

•    Oso degradazio natural motela du, 180 eta 500 urte artekoa. Eguzkiaren erradiazioa da epe ertaineko degradazio naturalerako bide bakarra. Beraz, berrerabilera edo birziklapena bermatzen ez badira, ingurumenerako kutsadura arazo larri bilakatzen da sorrarazten dituen zabor kopuru handiak direla eta.

•    Bere edukian egonkortzaile, gar atzeratzaile, pigmentu eta gehigarrien erabilera maila eta horiek gure osasunean eta ingurumenean izan dezaketen eragina

•    Plastikoaren manufakturak eta birziklapenak produktu kimiko toxikoak igor ditzake

•    Ontzia guztiz bizigabea den erabakitzeko eztabaida dago. PET eta DGPE plastikoak nazioartean elikagaiak eta edariak ontziratzeko onartuta badaude ere, Ur Mineralen Ekoizleen Alemaniako kooperatibak dio oraindik ez dela bermatzen zaporearen aldaezintasuna plastikozko botilak garbituta ere. Arazoa plastikoak daukan aldehido azetiko proportzioan datza; material hori ez da kaltegarria osasunerako baina botilaratutako uraren zaporea aldatu egiten du. Bada bere edarietarako PET plastikoa erabiltzen duen enpresa asko. PET plastikozko botilen antimonioa lixibiazioaren bitartez botilaren edukiera zein punturaino pasatzen den ikertzen ari dira. Kasu honetan, edukiak ontzian daraman denboraren araberako arriskua dago.



Aurkibidea

 



3- Ondorioak:


Bi materialok, plastikoak eta beirak, ontzi gisa erabiltzeko abantailak eta desabantailak dituzte:


Beira

Plastikoa
Lehengaiak Ez-berriztagarriak/ugariak Ez-berriztagarriak, gero eta urriagoak

Gastu energetikoa:
- Ekoizpenean
oso altua
txikiagoa
- Birziklatuan ekoizpenean baino txikiagoa
- Garraioan handiagoa (pisuagatik)
txikiagoa
Pisua:
altua 
baxua
Edukiaren kutsadura Ezer ez Baxua, baina eztabaidan
Birziklatua 100% elikagaietarako Bai, baina ez beti elikagaiekin erabiltzeko
Degradazio naturala Uraren eraginez Eguzkiaren eraginez

Giza osasuna
- metabolismoa eraginik ez 
balizko eraginak
- indarra oso ontzi astuna ontzi arina

 

Aurkibidea

 



4- Birziklatua ebaluatzeko gakoak

 

Ontzien birziklapenak bere abantailak eta kostuak ditu:

Birziklatzearen kostuak prozesuaren fase ezberdinek eragindakoak dira:

•    Hondakin materiak biltzea: kostu hau biltze puntutik birziklatze punturaino dagoen distantziarekin estuki lotuta dago. Hala, berotegi-efektua sortzen duten gas (BEG) isurketen aurrezpenak behera egiten du birziklatze instalazioetarako distantzia handitzearekin batera. Edonola ere, BEG gehiago aurrezten dira hondakin horiek erretzen direnean baino:

BEG aurrezpena (karbono baliokide tonak materia tonako)

Errausketa 32Km-an Birziklapena 32 Km-an Birziklapena 32Km-an
Beira 
0.027
-0.087 -0.028
Plastikoa 0.313 
-0.684
-0.38



Plastikoaren kasu zehatzean, 0.69 tona karbono baliokide aurrezten da plastiko tonako birziklatzean, zabortegi batera eraman beharrean, eta 0.93 tona birziklatzen bada, erraustu beharrean.



•    Materien sailkapena: beira kolore ezberdinak edo plastiko mota ezberdinak bereiztea, adibidez.
•    Materien garbiketa; etiketak, zikinkeria, tapoiak etab. kendu behar dira.
•    Birziklatze prozesua bera.
•    Geroko banaketaren kostu inplizitua.


Birziklatzearen abantailak honakoak dira:

•    Ontzi berrietarako lehengai berrien ateratze eta prozesamenduan isurtzen diren BEGen aurrezpena, ontzi birziklatuenen aldean. Argi geratzen da beiraren kasuan, adibidez.
•    BEG aurrezpena erabilitako ontzien errausketan.
•    Zabortegietan isuritako BEGen aurrezpena.
•    Lehengai berriak ateratzean baino ingurumen-eragin txikiagoa (ur eta zarata kutsadura, paisaian duen eragina…).


Aurkibidea

 



5- Zein ontzi neurri edo edukiera?

Ontzia zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta “garestiago” ateratzen da bere edukierari dagokionez. Lehenik eta behin, lehengai gehiago erabiltzen da edukiera gramo edo zentilitroko (jogurta edo esnea, esaterako) ontzi txikien kasuan, eta horrek ingurumenarekiko eragin handiago dakar. Bigarrenik, logikoki, edukiera unitateko kostu ekonomikoa ere handiagoa da ontzi txikietan. Hona hainbat adibide:
•    Litro bat jogurt 150ml-ko ontzietan ontziratzeak 440ml-koetan ontziratzearen bikoitza balio du, eta ia bikoitza 720ml-koetan (honek, noski, lotura estua du aukeratutako ontzi motarekin).
•    Litro bat esne 500ml-ko bi botilatan ontziratzeak esne kantitate bera 1000ml-ko ontzi bakar batean ontziratzea baino ia bia aldiz gehiago balio du. Harremana antzekoa da PET plastikozko 500ml eta 1000ml-ko botilei dagokienez.

Hala, edukiera unitateko ontziaren prezioak pisu handiagoa du poto edo botila txikian handian baino.

Era berean, ontzi handiek pisu handiagoa dute eta hori faktore garrantzitsua da pertsona kontsumitzaileek euren etxera garraiatzeko orduan, produktua ontzi txikietan erosteko aukerarik ez dagoenean. Honela, PET plastikozko litro bateko botilak 39 gramoko pisua dauka eta beirazko litroko botilak, aldiz, 360-390 gramokoa.

 

Aurkibidea



6- Vista Alegre baserriak eskaintzen dituen ontzi mota eta neurriak:

Vista Alegre baserriak eskaintzen dituen ontzi mota eta neurriak:

Vista Alegre baserriko produktuak ontzi mota eta tamaina ezberdinetan saltzen dira, kasu bakoitzean kontuan hartuz, alde batetik, horien ekoizpenak eta birziklapenak (eta balizko berrerabilerak) sortutako kostu ekonomiko eta ingurumenekoak eta, bestalde, materia ezberdinek zenbait edukierarako eta populazio kontsumitzailearen tarte zehatzetan dituzten mugak.

Jogurta: 250, 440 eta 720 ml-ko beirazko potoak (220g, 425g ets 660g).

Esnea:  1000ml-ko DGPE plastikozko poltsak

Gazta freskoa: kilo erdiko PET plastiko zurizko potoak

Gazten ontzia: elikadura-papera

Gure gazta samur, findu eta onduak elikadurako paperez biltzen ditugu. Zergatik?

 

  • papera birziklatu egin daiteke, biodegradagarria eta arina da.
  • gazta ez da produktu inertea, eta denbora igaro ahala eboluzionatzen jarraitzen du. Gure gaztei ez dizkiegu margoak eta argizariak eransten, beraz, haien azalean lizun eta legamien garapen naturala gertatzen da. Plastikoz bilduz gero, lerdetsu geratu ohi dira. Elikadurako paperak “arnasa hartzen” uzten dio gaztari, eta, lizunak haz badaitezke ere, garapena moteldu egiten da.
  • gure gaztak merkatuan bereizten dira.

 

 

Etiketatzea

Gure etiketak bi material desberdinez eginak daude: paper couchez elikadurako paperez bildutako gaztentzat eta polipropileno zuriz jogurt eta gazta freskoentzat. Esne pasteurizatuaren etiketa zuzenean inprimatzen da poltsan. Pixkanaka, zigilu ekologikoari dagokion etiketa produktu bakoitzaren etiketa generikoan txertatzen ari da. Hala, dagoeneko badago txertatuta jogurt txikien, esnearen eta gazta freskoaren etiketetan. Horrela, lehengaiak ere aurrezten dira.

 

Zein ontzi birziklatzen ditugu gure gaztandegian?

 

Gure gaztandegiak jogurt-ontziak berrerabiltzen ditu. Badaude kontsumo-taldeak eta dendaren bat ontziak bueltatzen dizkigutenak, eta horiek lurrun bidezko garbiketa-tunel batetik pasatzen ditugu garbitzeko eta esterilizatzeko. Goian esan bezala, berrerabilpenak ere izan ditzake kostuak: ura, energia eta denbora (garbitu ostean, ontzi guztiak gainbegiratzen ditugu erabat garbi daudela bermatzeko, nagusiki ez dezaten kanpoaldean itsatsitako etiketa zatirik izan), termino ekonomikoetan ontzi berri baten kostuaren antzekoa dakarrena. Hala ere, eta arestian adierazi bezala, beiraren berrerabilpenak ingurumen-abantaila garrantzitsuak dauzka.

 

Ondokoak egitea gomendatzen dugu jogurt-ontziak ahalik eta hoberen berrerabiltzeko:

 

  • Ez bueltatu estalkiak. Horiek kendu eta birziklatzeko udal-edukiontzietara bota behar dira. Ontzietan uzten badira, ugerra sortzen dute sarri. Gainera, estalkiak ez ditugu berrerabiltzen, desitxuratzeko joera baitute, eta, ondorioz, berriz erabiltzean, ez dira ondo ixten.
  • Kendu etiketak jogurta bukatu bezain laster eta ontzia garbitzen hasi aurretik. Gero, garbitu ontzia ur hotz edo epelez eta xaboiez etiketa-hondarrak kentzeko. Zuzenean plater-garbigailuan edo ur oso berotan sartuz gero, itsasgarri-hondar asko geratu ohi dira, gero oso zailak direnak kentzen.

 


Vista Alegre baserriak erabiltzen dituen ontzi motak hobetzen lagun dezakeen informazio gehiago daukazu? Hemen emandako informazioari buruzko iritzia eman nahi duzu? Bidali zure iruzkinak hona, mesedez.
Harremana

 

Aurkibidea

 
Ikastetxeak


Ikastetxeentzako atal berezia: sakatu ikastetxeen atalean baserriari eta bertako gaztandegiari buruzko informazio berezia eskuratzeko. Badago ikastetxean erabiltzeko edo ikasleek egin diezazkiguketen bisita motak ezagutzeko materiala.



Copy left: web-gune honetako materialaren erabilera askea da gizarte helburu solidarioetarako, beti ere errespetuaren zein kritikaeraikitzailearen baitan eta elikadura buruja betzaren aldeko parametroetan.